domingo, 29 de noviembre de 2009

Kantuz, kezkaz, indarrez


BERRIA
Kantuz agertu dute Egunkaria auziko-auzipetuen aldeko elkartasuna Donostiako Kursaalean batutako ia bi mila lagunek. Kantu batean, eta umore onean, baina auziak sortzen dien kezka ezkutatu gabe. Espainiako Auzitegi Nazionalean abenduaren 15etik aurrera epaituko dituzte sumario nagusiko auzipetuak -Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga-, eta hara joateko indarrez hornitu ziren atzo. Kursaala gainezka jarri zutenek emandako indarrez. Gogotsu agertu zen jendea, eta bero zen giroa. 

Horretarako ezinbesteko giltza izan ziren kantu jaialdian parte hartu zuten musikariak. Ez zeuden isilik egoteko. Gatibuko abeslari Alex Sagarduik esan zuen: «Adierazpen askatasuna badaukagu, batzuek behintzat, eta aprobetxatu egin behar dugu». Guztiek adierazi zuten beren mezua, bakoitzak bere erara. 

Egunkaria-ren aldeko mezua izan zen nagusi, baina ez zen bakarra izan. Gisa bereko auzi bakarraEgunkaria-rena ez dela nabarmen gelditu zen. Nekane Peñagarikano aurkezleetako batek besarkada bidali zien Egunkaria auzia bizitzen ari direnen gisako trantzean egon direnei eta daudenei, eta txalo zaparrada ikaragarri batekin erantzun zion publikoak. Joan Mari Torrealdaik auzipetuen izenean testua irakurri zuenean, aste honetan atxilotutakoei elkartasunezko besarkada igorri zien, eta hari ere txalo jasarekin erantzun zioten publikoan zirenek. 

Nolanahi ere, Egunkaria auziko auzipetuentzat beraientzat izan ziren txalo gehien. Sumario nagusiko eta auzi ekonomikoko auzipetu guztiak eszenatokira igo zirenean lehertu egin zen Kursaala. Txalo, txalo eta txalo. Eserlekuak hutsik geratu ziren. Zutik eta indar batean txaloka, batzuk Egunkaria libre!pankarta erakutsiaz. Gauza bera eginez erantzun zieten auzipetuek ere, txaloka. Jaso duten elkartasun guztia eskertu zuen Torrealdaik guztien izenean, eta laguntza gehiago ere eskatu zien. Hala, hurrengo zitaren berri eman zuen. Epaiketa hasi eta aste berean, abenduaren 19an manifestazioa egingo dute Bilbon, eta hara joateko deia luzatu zuen, manifestazioa erraldoia izan dadin. 

Modu guztietakoak 

1.800 buru mugitu ziren atzo musikaren konpasean. Era denetako buruak: gizon, emakume, zahar, gazte... Modu guztietako musikarekin. Txomin Artola eta Amaia Zubiria izan ziren aurrenak.Brodatzen ari nintzen abestia osatu zuten, Egunkaria-ren ale zaharrez apaindutako eszenatokian. «Egunkaria libre!» esanez amaitu zuten. Ken 7ren txanda iritsi zen gero, Zapalduen olerkia kantatuz. Eñaut Elorrietak abestia hasi aurretik esan zuen: «Zuekin gaude, bukaeraraino». 

Egunkaria libre! nikiarekin agertu ziren Anari eta Maite Mursego. Dut-en Haize eza kantaren bertsio sakona abestu zuten, aurrenak bere gitarra beltzarekin eta bigarrenak txeloarekin. «Ia dena behar bezala ateratzen den. Animo Egunkaria-koei» esanez agurtu ziren. Harkaitz Cano igo zen ondoren. Joseba Sarrionandiaren Bila ezazue poemaren bertsio bat irakurtzera, poliziei «Egunkari galdua» topatzeko eskatu zien. Salaketaz beteriko poema zen: «Zuek itxi zenuten, baina ez dago zuekin, ihes egin zizuen». 

Giroa erabat aldatu zuten orduan Pantxoa eta Peiok. Batasuna abesteari ekin eta bildutako denak kantuan hastea bat izan zen. Haiek eszenatokitik ezkutatu zirenean, saioko une umoretsuenetako bat gertatu zen. Arantxa Iturbe Nekane Peñagarikanoren zain zegoela, Rafa Rueda azaldu zitzaion. Ez al dakizu? abesti berria aurkeztu zuen hark, okasiorako egokia iritzi zion kantua. Gurari bat eskatu zuela esanez amari joan zitzaion neskato baten historia kontatzen zuen kantuak, nola amak erantzun zion gurariak ez direla eskatzen, baizik eta patuaren altzotik lapurtzen direla. Horixe egin behar da bere ustez Egunkaria auzia ondo amaitzeko desirarekin, «patuaren altzotik harrapatu». 

Kantaldian egon nahi zuten asko kanpoan geratu ziren, aurkezleek behin baino gehiagotan esan zutenez. Bai publikoan egon nahi zutenak, eta baita kantatu nahi zutenak ere. Haietako talde bat bideo bidez egon zen presente. Egunkaria itxi zuteneko bosgarren urteurreneko ekitaldian abestutako abestia kantatu zuen Ines Osinagak: «Hori baldin bada delitu bakarra, barkatu baina denok terrorista gara». 

Arantxa Iturbek esanda bezala, «batzuek ezin etorri eta besteak koadrilan etorri dira». Oskorrik Aita semeak abestu zuen, publikoaren laguntzarekin. Denbora osoan piztuta egon zen Egunkaria libre!afixari begira ukabila altsata agurtu zen Natxo de Felipe. 

Anje Duhalde eta Niko Etxartek Eperra abestu zuten. «Urteak daramatzagu berri txarrak entzuten, eta azken aldian ia astero dugu hauetako berriren bat. Aski da esateko ordua da, eta gizarte osoak mobilizatu behar du», esan zuen Etxartek. 

Gorka Urbizuk Negu Gorriaken Itxoiten-en bertsio gogoangarria abestu zuen, eta «liberazioari itxoiten!» esanez joan zen eszenatokitik. Gatibu taldekoek jarraitu zuten, imintzio eta keinuz Altxeuabestuz. «Gora Euskal Herria!» esanez amaitu zuten. Urkok «non ote daude gure artetik ezkutatuak» galdera egin zuen Imanol Larzabal zenaren omenez. 

Umorez agertu ziren Mikel Urdangarin eta Josu Zabala. Serioago jarriz, «galdu ziguten errespetua» berreskuratu behar dela aldarrikatu zuten. Jean Mixel Bedaxagar eta Erramun Martikorenak eman zioten amaiera kantaldiari, Goizian argi hastean abestia a cappella kantatuz. 

Auzipetuen agerraldia eta gero, amaitzeko, abeslari guztiek eta auditorioan zeuden pertsona guztiek elkarrekin abestu zuten Andoni Egañaren Zaku berean bertso sorta. Giro hartan, guztiak zutik eta txaloka amaitu zen jaialdia, pankartak eskuan eta oihuka: «Egunkaria aurrera!». 

 
MANIFESTAZIOA
Abenduak 19


Abenduaren 15ean hasiko da Euskaldunon Egunkaria-ren kontrako epaiketa. Astearte eta asteazkenez egingo dituzten lehen auzi saioak Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Aste horretako asteburuan mobilizazio handi bat egin nahi dute auzipetuek. Manifestazio nazionala deitu dute abenduaren 19rako, larunbaterako, Bilbon. Hala esan zieten auzipetuek atzo Kursaalean bildutakoei, Torrealdairen ahotik: «Hartu zuen agenda eta apuntatu itzazue egun bat eta hiri bat: abenduak 19, Bilbo». 




 
AUZIPETUEN MEZUA


Auzipetuek jaso zuten txalo zaparradarik handiena. Egunkaria libre nikiak jantzita igo ziren eszenatokira, eta denen izenean mezua irakurri zuen Joan Mari Torrealdaik. 



San Inazio bezperan sekulako kolpea jaso genuen: Ahozko epaiketa geneukala, sobreseimendua eta artxiboa espero genituenean... 

San Inazio egunez eman genuen prentsaurrekoan hau genioen: 

«Gure dei ozena, garrasi urratua luzatu nahi diogu, beste behin ere, sekula abandonatu ez gaituen euskal gizarteari, bere laguntza, arnasa eta babesaren beharrean jarraitzen dugula esateko, hemendik epaiketara begira bereziki, noiz iritsiko den ez badakigu ere. 

...Babesa eskatzen diogu kalbario honen aurrean, amaitu ez den erasoaren aurrean, beste behin ere, beti babestu gaituen euskal jendarteari. Eta aurretiaz esaten dizuegu mila-mila esker. Handia da jada lagundu diguten guztiekin metatu dugun zorra». 

Prentsaurrekoan genioen hau, guretzat jai eguna ez beste dena izan zen San Inazio egun beltz hartan. 

Bost hilabete beranduago gauza bera eskatzen eta eskertzen dizuegu, oraingo honetan kantu giroan. Epaiketa baten berri eman ziguten orduan, geroztik beste bat ere erantsi digute. Lehena, sumarioa, datorren 15ean hastekoa da. Bigarrena, ekonomikoa, ez dakigu noiz. Zuen aurrean gaude bietako auzipetuok. 

Gurekin batera absoluzioa eskatzera gonbidatu nahi zaituztegu. San Inazio bezpera arte, sobreseimendua eta artxiboa eskatzen genituen. Harrez gero, absoluzioa, nahiz eta jakin hori ere ez dela justizia osoa. Justiziak absoluzioaz gainera erreparazioa esijitzen du, eta gure aurkako erasoaren arduradunak akusatuen aulkian jarri eta zigortzea. Baina nork erreparatuko digu guri, guri eta gure familiei, zazpi urte hauetako sofrikarioa? 

Zoritxarrez, sofrimenduaren monopoliorik ez daukagu guk: sentibera gara gure bide beretsua daramaten guztiekin, (beraiekin eta haien familiekin) atxiloketan hasi eta, epaiketan barrena auskalo non bukatzen den bide malkartsu hori egin beharra duten guztiekin. Gaur bertan manifestazio bat burutzen ari da Bilbon, egunotan gazte andana atxilo eraman izana salatzeko. Bihoakie gure elkartasunaren besarkada. 

Gurera itzuliz, mila aldiz eskatu dizuegun laguntza berriro ere eskatzera gatozkizue. Lagun gaitzazue zentzugabekeria eta bidegabekeria hau salatzen. Euskara, euskal kultura, euskal komunikabideak bultzatzearren garamatzate tribunaletara, tesi polizial eta elkarte mendekati batzuen eskutik. 

Garrantzi handikoa da gu hamarrontzat eta gure familientzat estualdi honetatik libre ateratzea. Zer esango dugu guk?. Baina garrantzitsua da baita ere euskararentzat, euskalgintzarentzat, euskalgintzako gizarte erakundeentzat. Maltzurra da oso tesi poliziala: erakunde ofizialetatik aparteko euskalgintzaren lana ETAren zerbitzukoa dela baitio. Gure kondenak tesi polizial hori dotrina juridiko bihurtzeko bidean jar lezake. 

Eta amaitzeko, dei bat luzatu nahi dizuegu. Zuek babestuta egin nahi dugu bide puska hau. Mila modutara lagun gaitzakezue: epaiketaren gastuak arinduz, elkartasuna adieraziz, bidegabekeria salatuz. Edota, gaur hemen egin dugun bezala. 

Baina badaukagu erronka zehatzagorik ere Kursaal honetatik zuen aurrean jartzeko. Hartu zuen agenda eta apuntatu itzazue egun bat eta hiri bat: Abenduak 19, Bilbo. Euskal Herriko hiribururik handieneko kale zabaletan manifestazio erraldoia abiarazi nahi dugu Egunkaria libre! goiburuaren atzean. 

Gure begi ninietan denok gordeta daukagu 2003ko otsailaren 22an Donostian inprobisatu zen manifestazio erraldoia Egunkaria-ren itxiera salatzeko. Euskal jendartea aztoratu egin zuen Euskaldunon Egunkariamodu hartan itxi izanak, baina aurretik ere beste hainbat bidegabekerirekin edalontzia beteta zegoen.Egunkaria-renarekin gainezka egin zuen, eta euskal jendeak nahikoa da, aski da, esan zuen. 

Gaur egun ere aski da esan beharrean gaude. Edalontzia gainezka dago. Gure aurretik izan ditugu batzuk, adibidez 18/98, eta ondoren beste batzuk datoz, Udalbiltza laister. Errekuperatu dezagun orduko oroitzapen hura eta atera dezagun berriro kalera. 

Lagunok, zuei esker badakigu ez gaudela bakarrik. Alderantziz. Zazpi urteotako historiak erakutsi digu Liverpooleko ereserkiak edo Benitoren abestiak baino ozenago esaten diguzuela: «You'll never walk alone» edo «ez zara inoiz bakarrik joango». 

Badakigu, bai, askatasuna ezin diguzuela eman baina bai indarra eta libre izateko adorea. 

Eman diguzuen laguntza hori eskertu nahi dizuegu, emango diguzuena ere bai. Hemen bildu zaretenoi, kantari eta gainerakoei, eta zuen bidez Euskal Herri osoari, gure eskerrik beroena, bihotzez. 

Eta ez ahaztu: abenduaren 19an, Bilbon, Egunkaria libre! aldarrikatuz elkar ikusiko dugu. 

Mila-mila esker guztioi! 

0 comentarios:

Publicar un comentario

 

Crónica de Euskal Herria Copyright © 2009 Not Magazine 4 Column is Designed by Ipietoon Sponsored by Dezigntuts