Anoetan "Orain Herria Orain Bakea" proposamena aurkeztu zenaren 5. urteurrenean eta 1978an Herri Batasunaren sorleku izan zen herrian, Altsasun, ezker abertzaleak bere apustu politikoaren oinarriak jasotzen dituen "PROZESU DEMOKRATIKORAKO LEHEN URRATSA: EZKER ABERTZALEAREN OINARRIAK ETA BORONDATEA" dokumentua aurkeztu du gaurkoan. Agerraldian ezker abertzaleko dozenaka kide erreferentzialek hartuko dute parte eta Txelui Morenok eta Itziar Lopategik aurkeztu dute dokumentua.
http://www.ezkerabertzalea.info/doku/oinarriaketaborondatea.pdf
PROZESU DEMOKRATIKORAKO LEHEN URRATSA:
EZKER ABERTZALEAREN OINARRIAK ETA BORONDATEA
Independentistak gara, askapen nazionala eta soziala erdietsiko duen proiektua
eraikitzeko eta garatzeko belaunaldi ezberdinetan lan egin eta egiten dugun gizon
emakumeak.
Gure helburua berezko Estatua eraikitzea da, hori baita, gure ustez, Euskal Herria
bizirik irautea eta erabat garatzea osoki bermatuko lukeen modu bakarra, Europako
eta munduko gainontzeko herri guztiekin harmonian eta elkartasunean. Horixe da
zilegitasun osoko gure proiektu politikoa, euskal jendartearen gehiengoaren
babesari esker lortu nahi dugun proiektu politikoa.
Gure lurraldea zatikatzen eta herritarren eskubideak mugatzen dituen gaur egungo
egitura juridiko-politikoak gatazka politikoa eta armatua iraunarazi besterik ez duela
egiten berretsi da behin eta berriz. Izan ere, euskal herritarroi gure etorkizuna
mugarik gabe erabakitzea galarazten digu.
Horrenbestez, indarkeria eta konfrontazio armatuko egoera inork nahi baino
gehiago luzatu da, eta horrek, hain nabarmenak diren giza kalte eta kalte politikoak
eragin ditu. Eszenatoki hau gainditzea gure lehentasuna da.
Gatazkaren azken hiru hamarkadok beste ondorio argi bat utzi dute: denborak
arrazoia eman dion mugimendu politiko bat gara. Horixe erakutsi du,
frankismoarekiko haustura demokratikoa hasiera-hasieratik exijitu eta gero, Euskal
Herriak Espainiako Konstituzioari, NATOri edota Lemoizko zentral nuklearrari
ezezkoa eman izanak. Horixe erakutsi du estatutismoaren iruzurra egonkor ez
zedin ezker abertzaleak egindako lanak. Horixe adierazten du kapitalismo basatiari
tinko aurre egin izanak.
Independentistok ez ditugu soilik oposizio edo protesta lanetan borroka politikoak
eta ideologikoak irabazi. Ezker abertzaleak eginiko konponbiderako eta
etorkizunezko proposamenek ere jendartean babes handia –zenbaitetan
gehiengoarena– jaso izan dute. Negoziazio bidezko konponbiderako ekimenek,
marko demokratikoa erdiesteko eginiko proposamenek eta eraikuntza nazionalaren
aldeko jarduerek begi-bistako aurrerapenak eragin dituzte euskal prozesu
politikoan.
Gaur egun, denontzat onuragarri izango den ziklo aldaketa desiragarri ez ezik,
egingarri ere bada; azken hamarkadan, konponbiderako askatu beharreko
korapiloak ondo baino hobeto kokatu dituen eztabaida politikoa ireki dugulako,
milaka pertsonen eta gizarte sektore askoren lanak eta borrokak nahi dugun
egiazko aldaketa politikoaren atarira ekarri gaituelako eta gatazkak eragiten dituen
ondorio gaiztoak gainditzeko beharra ere badugulako. Konfrontazio armatua,
blokeoa eta itxaropen ezaren ordez elkarrizketa, akordioa eta Euskal Herriarentzat
bidezko konponbide egonkor eta iraunkorra ekarriko dituen ziklo aldaketaren garaia
da.
Lorpenekin eta akatsekin, askapen prozesua aldaketa politikora ekartzea lortu
dugu. Orain, aldaketa atzeraezin egitea dugu erronka. Eta aldaketa gauzatzeak
geure burua aldatzea ere eskatzen du. Beraz, sakoneko hausnarketa eta
autokritika ere beharrezkoa genuen, eta horixe bera egiten ari gara.
Ezker abertzaleak jakin badaki gako nagusia ez dela gainerako eragileak zer
egiteko prest diren ezagutzeko zain egotea. Gakoa guk geuk egin beharrekoan
dago. Fase berriak beste estrategia, beste aliantza politika eta beste lanabes
batzuk eskatzen ditu.
Fase berrian eskuratu beharreko helburuak Euskal Herriaren nazio aitorpena eta
autodeterminazio eskubidearen aitorpena izanik, aldaketa egiteko ezinbestekoa da
gero eta zabalagoa izango den indar metaketa bideratzea eta konfrontazioa
estatuak ahulen diren eremura eramatea; hau da, konfrontazioa eremu politikora
eramatea. Horrenbestez, masa borroka, borroka instituzionala eta borroka
ideologikoa, indar harremanen aldaketa eta nazioarteko babesa bilatzea estrategia
berriaren funtsezko oinarri izango dira.
Fase politikoaren oinarrizko lanabesa Prozesu Demokratikoa da, eta berau
abiaraztea ezker abertzalearen alde bakarreko erabakia da. Haren garapenerako
aldebiko edo alde anitzeko akordioak bilatu beharko ditu; euskal eragile
politikoekin, nazioarteko komunitatearekin eta, gatazka gainditu ahal izateko,
Estatuekin. Azken batean, Prozesu Demokratikoa aldaketa politikoa eta soziala
irabazteko ezker abertzalearen apustu estrategikoa da.
Ezker abertzalea gogoeta hauek guztiak bereak egiten ari da eskuarki, bere baitan
erantzukizunez garatzen ari den eztabaidan. Aldi berean, ondoko oinarriak ere
ezker abertzalearen militantzian eta oinarri sozialean berezko printzipio gisa are
gehiago errotzea du helburu aipatu eztabaidak, eta horrekin batera, euskal
jendartearekin, eragile politiko, sindikal eta sozialekin, eta nazioarteko
komunitatearekin partekatu nahi ditugu. Hauek:
1. Konponbide demokratikorako prozesuaren erreferentzia bakarra bide
baketsu eta demokratikoetatik adierazitako herri borondatea da, bai
prozesuabera martxan jartzeaz konfiantza izateko, bai hark garapen egokia
edukitzeko, bai eta herritarrek beraiek berretsi beharko dituzten akordioak
erdiesteko ere. Euskal herritarrek, prozesuan zehar, une bakoitzean era
aske, baketsu eta demokratikoen bidez hartuko dituzten erabakiak
errespetatuko dituela zinez hitza ematen du ezker abertzaleak, gainerako
eragileek egin beharko luketen bezalaxe.
2. Unean uneko egitura juridiko-politikoak herri borondatearen ondorio eta
herritar guztien eskubideen berme izan behar du. Herri borondateak libre eta
demokratikoki adierazteko mugarik izan ez dezan, une bakoitzean indarrean
diren legezko markoak ez dira inoiz oztopo edo galga izango, baizik eta
berau betetzeko berma izan beharko dute.
3. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak; Eskubide Ekonomiko, Sozial eta
Kulturalen Nazioarteko Itunak; eta Eskubide Zibilen eta Politikoen
Nazioarteko Itunak aitortutako eskubideak errespetatu eta arautu beharko
dituzte prozesu demokratikoan barrena egin beharreko akordioek, baita
gizabanakoen edo kolektiboen Giza Eskubideei dagozkien nazioarte mailako
bestelako arauak ere, beste askoren artean Emakumeen Eskubideen Karta.
4. Euskal Herriko sentipen politiko ezberdinen arteko akordioak lortu ahal
izateko, guztien artean eta baldintza berdinetan egin beharreko elkarrizketa
politikoa izango da lanabes nagusia. Elkarrizketa horretan parte hartzeko
borondatea osoa erakusten du ezker abertzaleak.
5. Prozesu demokratikoaren baitan, indar politikoen arteko elkarrizketak
herritarrek berretsi beharreko Akordio Politiko erabakigarria izan behar du
helburu. Ondoriozko akordioak proiektu politiko guzti-guztiak, baldintza
berdinetan eta inongo indarkeriarik edo esku sartzerik gabe, defendatu ahal
izatea ez ezik, gauzatu ahal izatea ere bermatu beharko du, hori bada
hartara prestatutako legezko prozeduren bitartez euskal herritarren
gehiengoak azaltzen duen nahia.
6. Prozesu demokratikoa erabateko indarkeriarik gabe eta esku sartzerik gabe
garatu behar da, soilik bitarteko politikoak eta demokratikoak erabilita. Gure
helburuen bila bideratutako estrategia politiko hau, aipatu prozesu
demokratikoa sustatuz eta parte hartzea bultzatuz, aurrerapenak ekarriko
dituela ziur gaude. Adibide argia Hegoafrika eta Irlanda dira.
7. Anoetan egindako proposamenarekiko konpromisoa berresten dugu. Hain
tresna baliagarriaren arabera, euskal indar politiko guztiek baldintza
berdinetan jardunez alde anitzeko akordio politikora zuzendutako elkarrizketa
prozesua eratu behar dute, beti ere marko demokratikoa erdiesteko, hala,
herri borondatearen muga besterik gabe, euskal jendarteak bere etorkizuna
libre eta demokratikoki erabaki ahal izateko. Aipatu prozesua Mitchell
senatariaren printzipioen baitan zuzendu behar dela diogu.
Bestalde, ETA eta Estatu espainiarraren arteko negoziazio prozesua eratu
behar da; desmilitarizazioaz, preso eta iheslari politikoen etxeratzeaz eta
gatazkak eragindako biktima guztiei trataera bidezkoa eta zuzena emateaz
aritzeko eta akordioetara heltzeko.
Honegatik guztiagatik, prozesu politiko baketsu eta demokratikoaren alde
agerturiko jarrera berresten dugu, demokrazia barneratzailea eraikiz euskal
jendarteak aske eta inolako injerentziarik gabe bere etorkizuna erabaki dezan.
Euskal Herrian, 2009ko azaroak 14
¿Irse o quedarse? X y Bluesky
Hace 1 semana
0 comentarios:
Publicar un comentario