Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da eta, horren karira, makina bat ekitaldi antolatu dira gaur Hego Euskal Herrian, erakunde publiko nahiz beste zenbait eragilek bultzatuta.
Irakurketa, hitzaldi, mahai inguru eta beste ekitaldi ugari izango dira Euskararen Egunaren 60. urteurrenean. Donostian, esaterako, Mintzodromoa izeneko ekimena antolatu du Euskararen Udal Patronatuak, euskararen erabilera sustatzeko. Boulevardean karpa bat jarri dute, 25 mahairekin, eta ikasten ari direnek euskal hiztunekin mintzatzeko aukera izango dute egun osoan. Txandaka, lau saio egingo dituzte eta bakoitzean ehun lagun inguruk parte hartuko dute.
Lakuako Gobernuak ekitaldia egin du Loiolako Santutegian eta Patxi Lopez lehendakariak agiri bat irakurri du. Euskararen eta gaztelaniaren arteko elkarbizitza defendatu du eta esan du euskara ez dela "ideologia konkretu baten ondare, Euskadi, Espainia, Europarena eta mundu guztiarena" baizik.
Bilboko Udalak 1936ko gerra ondorengo andereñoak omendu ditu eta oroigarri bat eman die, eta Gasteizen adierazpen instituzionala onartu du Udalak.
Eusko Ikaskuntzak, berriz, gaur banatuko du ENE saria, laugarren urtez. Euskal Herritik kanpo euskararen alde diharduten taldeei eskaintzen dio eta eurten The North American Basque Organizations Incorporated (N.A.B.O.) erakundeak jasoko du.
Eusko Ikaskuntzak, gainera, "Klik egiozu euskarari" kanpaina jarri du abian Interneten, sare sozialetan euskara zabaltzeko, eta ehunka atxikimendu bildu ditu.
Ipar Euskal Herrian ez dute ekitaldirik antolatu gaur.
0 comentarios:
Publicar un comentario