Ibarretxek euskal herritarren erdientzat gobernatzen zuen, PSOE-PPkoen iritziz. Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako herritarren erdientzat. Hori aldatu beharra zegoenez, Rubalcabak eskua sartu zuen. Egunkaria itxi zuen Acebesen bidetik jo zuen: «Frogak aurkeztu behar dira, eta ez badago, eraiki egin behar dira». Normaltasun demokratikoa. Guantanamo elektorala sortu eta gehiengoak aldatu.
Geroztik dena da normaltasun demokratikoa. Espainiako bandera diputazioetan jartzea normaltasun demokratikoa da, baita presoen senideak biluzarazi eta umiliatzea ere, euskararen ezagutza eta erabilera moteltzea, Vuelta gure errepideetan korritzea, ETAren biktimei eta haien familiei lan eskaintza publikoaren kuota bat gordetzea, Arnaldo Otegi eta Rafa Diez espetxeratzea, Bertendonako irakasleek trufa egitea, Espainiako erregeak gabonetako mezua ETBn botatzea, Luis Nuñezen heriotza Jose Luis Lopez Vazquezenarekin estaltzea... Barne ministro batek Espainiako selekzioak Euskal Herrian «jokatu egin behar du» esatea normaltasun demokratikoa da. Herri bat zikiratzea, desnazionalizatu nahi izatea da normaltasun demokratikoa.
Ni 2011ko maiatzeko anormaltasun demokratikoaren zain geratuko naiz.
0 comentarios:
Publicar un comentario