Puerto I, DNIa, kontrol bat, bestea... Ezer ez. Ez naute «katxeatuko»? Atzoko bisetakoek baietz esan didate, bada. Ah, bai, hemen dator... Galdetzen dit ba ote dudan «katxeoen» berri. Nik ezetz (ez diot nik egingo lan zikina!). Ba omen du agindu bat. Zer agindu? «Ez dakit, ez dut ikusi», dio. Ondo: ez berak eta ez nik ikusi ez dugunez, ea norbaitek azalpenik ematen digun... Ez, ez da inor etorriko; atekoa izendatu berri omen du nagusiak hemengo buru («soy el ultimo mono» dio berak, aldiz!). Elkarrizketa surrealista, espetxeetan ohi diren horietakoa. Ondorioa: ba omen Madrildik nire senarraren edo nire kontra propio emandako agindu bat, inork ikusi gabea, eta, oi halabeharraren halabeharra, ehunetik gora senideri ezarritako neurri bera niri ezartzea eskatzen duena (negargarria ez balitz, barre egingo genuke!). Katxeatu egin behar nautela; hori bai, neurria legez kanpokoa izan arren, emakume batek katxeatuko nau, legea betez. Ez dezagun denbora gehiago gal. Erreklamazio orria (sinbolikoa; baina, badaezpada... baliteke Euskal Herrian oraindik norbaitek paper beharra izatea, etengabe jasaten ditugun eskubide urraketen «froga»!). Kopia. Orain, itzul iezadazu DNIa. «Nola? Bisetik irten arte hemen gelditzen da karneta, badakizu». Horixe badakidala; ez naiz sartuko, ordea. «Nola? Ez zara sartuko?». Harrituta, nonbait. Izan ere, bazterretan duintasuna banatu zuten egunean, urruntxo zebiltzan hauek!
Banoa. Etsita? Triste, ez dut ukatuko. Baina, badugu saminetik zer ikasi. Atekoak agindu bat zuen, ezin bete izan duena ez nirekin ez beste hainbatekin (Curtis, Jaen, Almeria, Herrera, Ocaña, Huelva, Brieva, Teruel, Daroca, Aranjuez, Valentzia, Alacant, Dueñas, Soto, Granada...). Oztopoak oztopo, geure buruaren jabe garelako, geuk erabakiko dugulako, gure helburuen arabera, zer, noiz eta nola egin. Noiz arte? Zertarako? Mereziko ote?... Seguru asko, zalantza berak izango zituzten gu errepresaliatu politikoen senide bihurtu aurretik egoera honetan egondako beste askok. Baita gure senideek ere, bizitzan hainbat erabaki zail hartzea egokitu zaienean eta etengabeko duintasun erakutsietan.
Orain, zer? Etxera. Salaketa jarri, prentsaurrekoak egin, interpelazioak landu, enkarteladak antolatu, gutunak idatzi, eztabaidetan parte hartu... Bihur dezagun gure samin guztia energia, eskubide urraketaren kontrako harresi sendoa eraikitzeko energia. Horrela bai mereziko duela!
0 comentarios:
Publicar un comentario