Horrelaxe deitzen diete espainolek hazi eta hezi duten gazte belaunaldi berriari: «Generación NI-NI, ni estudian, ni trabajan». Horrelaxe deitzen diete, «nagusientzat» horixe delako garrantzia duen gauza bakarra, jakina, gaztetan ikastea lanpostu ona lortzeko. Baina benetako arazoa ez da ez dutela ikasten edo lan egiten. Beldurgarriena da, antza, inkestek adierazten dutenez, %54k ez duela interesik ezertan, ez duela proiekturik bere bizitzan, ezerk ez duela mugiarazten, ez duela ilusioa pizten dion ezer topatzen...
Politikari hipokritak arazo honekin hunkiturik agertuko dira, baina barrutik ondo konforme eta pozarren begiratuko diote euren zilbota aseari, nahi zutena behingoz lortu dutelako. Munduaren eta bizitzaren inguruko ezagupen barik, gazteek aurrean jartzen dieten edozer sinistu eta galderarik egin ez dezaten. Batere proiektu barik, lau urtean behin gezurtienaren boto txartela ontzira eroan dezaten edo, are hobeto, etxean telebista ikusten geldi daitezen. Neskak txiki-txikitatik panpinak zaintzetik nagusitan haragi puska baino ez direla sinets dezaten, patriarkatuari behar den bezala eusteko. Gauzak aldatzeko batere ardura edo kezka barik, kalean eta lanean dena irentsi eta sekula protesta egin ez dezaten... NI-NI: ni preguntas ni disidencia.
NI-NI belaunaldikoen gurasoak etxe barruan trankil eta berotan egon ahal dira horrela. Euren seme-alabak ez dira politikaz arduratuko, ez dute elkarte batean parte hartuko, ez dira proiektu baten alde borrokatuko eta mundu justuagoa inoiz lortzearekin ilusionatuko, ez dira materialismo hutsetik aldenduko. Ez dute honengatik guztiagatik egunen batean kartzelan amaituko.
Gazteriak beti izan du ekimenetarako eta ilusiorako sekulako indarra, horrexegatik izan da gazteria beti hain arriskutsua, eta horrexegatik egon da beti jomugan. Larunbateko manifestazioaren amaieran zera galdetu zuten, ea zein den herri baten etorkizuna, gazteriari oinarrizko eskubideak ere ukatzen bazaizkio. Galdera hori ez zaie egin behar erantzuna ondo dakiten horiei, egunez egun emaitza hori lortzen ahalegintzen diren horiei. Galdera herri hau gutxienik apur bat bihotzean eraman, gutxienik apur bat estimatu, baina horrelako erasoen aurrean isilik gelditzen direnei egin behar zaie. Horiexek erantzun beharko lukete, «zerbait egingo zuten» esaldi nekagarrian babestu ordez.
Gu, esan legez, harro gaude haietaz. Harro gaude elkarrekin euren kezken inguruan hausnartzen dutenean, gurekin batera lan egiten dutenean. Harro gaude existitzen den baina oraindik ez den herri hauskor hau iraunarazten dutelako. Harro gaude irribarrea zabaldu eta ukitzen duten oro gaztetzen eta berpizten dutelako. Maite ditugu irribarre hori galtzen ez dutelako, nahiz eta atzapar beltz, gorri, urdin eta berdeak zain izan ditzaketela jakin. Maite ditugu ondo ulertzen dutelako sistema dela euren beldur dena eta ez alderantziz. Maite ditugu «utopia» berba ahoskatzen dutenean.
Harro, oso harro gaude eta maite, oso maite ditugu.
Horregatik pozik esan ahal dugu Euskal Herrian beste NI-NI belaunaldi bat badugula, tontotu, isilarazi eta desagerrarazi nahi dituzten horien guztien haserre eta ezinegonerako: NI-NI, ni vencidos ni amilanados.
0 comentarios:
Publicar un comentario