Lopezek “euskara askatasunean” behar dela dio. Askatasunean bizi ahal izateko, ordea, mendetasuna gainditu behar da. Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko askatasuna lortu eta Europako hizkuntzen arteko berdintasuna. Euskal Herriko herritar euskaldun izateko, bizitza sozialaren arlo ezberdinetan euskaraz bizitzeko eta Euskal Herri euskaldun horren garapen iraunkorra bermatzeko; madrildarrek, paristarrek edo berlindarrek bermaturik duten bezala.
Lopezentzat, ordea, “euskara askatasunean” Hezkuntza Saileko dekretuak baliogabetzea da, belaunaldi berrien euskalduntze osoa eragozteko eta bere uniformatze espainiarra iraunarazteko; euskara ikasteko aukera guztiak alferrik galtzen utzi dituzten irakasleei, hezkuntzan aritzeko pribilegioa ematea; Osakidetzako lan eskaintza publikoan hizkuntza eskakizuna bete ez dutenei lanpostua gordetzea; administrazio guztietako deialdi berrietan – udaletxeetan, foru aldundietan, Jaurlaritzan, Osakidetzan, Ertzaintzan eta justizia administrazioan – euskara ez dakiten langileak sartzea; ETBko eguraldiaren mapatik Euskal Herria desagerraraztea.
PSEren neurri horiek efizientzia eta eraginkortasun soziolinguistikoaren aurkakoak dira, dirua xahutzen dute krisialdi garaiotan, guztion hizkuntz eskubideak urratzen eta arriskuan jartzen dute Euskal Herri euskalduna berreskuratzea. Euskara itotzeko modu leuna da. UPN-PP-UMPk nahien baitute euskara desagertzea ofizialtasuna aitortzea baino. Ildo horretan, Estatu espainiarraren bi milioi euro galtzea hobestea Nafarroako ikastolei ematea baino, UPNren lingua navarrorumekiko autogorrotoaren azken adierazpen patetikoa baizik ez da.
Bi Estatuek Euskararen Herria bost zati administratiboetan zatikatzen dute, Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko nazio politika bakarra galarazteko eta politika menderatzaileak bideratzeko. Helburua euskaldunak asimilatzea, Euskararen Herria desintegratzea eta Espainia eta Frantzian integratzea da. Gernikako eta Nafarroa Garaiko Estatutuak, eta Ipar Euskal Herriak onarpen instituzionalik ez izateak, helburu horretarako tresnak dira.
Euskarak egungo hizkuntzen ekosisteman duen lekua ezin iraunezkoa da: espainierak eta frantsesak euskararen lurraldea hartzen dute, eta beren eremu propiotik harantzago zabaltzen dira; besteren lurraldeetan, jardunguneetan eta populazioetan sartzen dira, eta euskara txikitzen dute bere lekuan bertan. Testuinguru horretan kezkagarria da PSOE-PP-UPN-EAJ-UMP-PSFk Euskararen Herriari Europako gainerako hizkuntza ofizialen aukera berdintasuna ukatzea. Erretorika demokratikoa, baina praktika asimilatzailea dute.
Horren aurrean, beharrezkoa da herri harresia eraikitzea sektore sozial zabalenak bildu eta mobilizatzeko; gaur egungo mendetasuna salatu eta, askatasunezko eta berdintasunezko irtenbidea aldarrikatzeko; hizkuntz politikaren aldaketa eta eredu soziolinguistiko berria lortzeko; Estatuen eskusartzeak arbuiatu eta inposaturiko hizkuntz gatazka gainditzeko; Euskal Herri Euskaldunaren iraunkortasuna bermatuko duen ingurune politiko, juridiko, sozial eta ekonomikoa eraikitzeko. Independentziaren bilguneak orain arteko menpeko hizkuntz politiken zikloa itxi eta Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko zikloa ireki behar du.
0 comentarios:
Publicar un comentario